XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Andoain'go alaba... mendi-ttonttorretatik beera begira egoten nintzanetan, neri uxo-abi iduri oi-zitzaidan erria... Antxe, bada, Kale txiki deitzen genion kale artako Berrozpe etxe zabalean, nexka bat ludira agertu zan.

Aita, Juan Migel; ama, berriz, Maria Jesus biak Andoaindarrak.

Jaungoikozko senar-emazte auek, sei alaba izan zituzten.

Zarrena, gure Juana Josepha au; urrengoak, Iñazia, Josepha, Frantxiska, Sotera, Maria Dominika eta Anjela.

Azkeneko au, aizpa zarrenaren bideetatik ibilli ondoren, Salamanka'ko Nobiziategian 1954'garren urtean il da.

Nexkaren gurasoak, euleak ziran; eta beartsuak izan arren, beren alabei jana ta eziera ona emateko lain sortzen zuten.

1843'gn. urteko Orrillaren azkeneko egunean jayo zan Juana Josefa.

Egun berean batayatu.

Zazpi urte arte amonarenean, antxe auzoan, bizi izan zan; eta xazpi urte oetan Jaunaren eskua era berexi batean agertu zan nexka txiki arengan.

Lau urte zituala, gurasoen etxera Berrozpe'ra zijoan batean.

bei batek adarka ekin zion, eta goruntz bota zuan.

Eta beerakoan lurra jo zuanean, mingana erdibitu zitzayon.

Osagilleak, mintzul edo itz-motel geldituko zala esan zuan; bañan, etzan ala gertatu.

Jaunari eskerrak.

Ama Birjiñari abesti gozoak kantatzeko mingain bizkorra gelditu zitzayon.

Beste bein, aitonarekin, oi bezela, Meza Nagusira zijoala, etxe-atarian oraindik, gizon batek pipa pizeko sua eskatu zien.

Eta, leyala zanez, baita nexkak sukaldetik sua azkar ekarri ere.

Bañan txinpartaen bat soñekora erori, eta, aitonagana laisterka asi zanean, gonak su artu zion... Ikusi zutenak, itzaltzen asi zitzaizkion; bañan, iñork ikutu baño lenago, berez itzali zen sua.

Eta nexka gaxoa, apurtxo bat ere etzan erre.